Jolasak

Gianni Rodarik, idazle eta pedagogo italiarrak, Italiako eskoletatik bira egin zuen berak sortutako istorio eta ipuinak kontatzeko asmoz baina baita umeen galderei erantzuteko prest ere.

Bira horretan jasotakoekin bukatu eta argitaratu zuen bere "Gramatica de la fantasía" liburua. Autoreak adierazten duen moduan ez da ez teoria bat ez eta errezeta liburu bat ere, umea hazten den ingurua suspertzeko proposamen bat baizik eta bertan jasotzen dira sormena sustatzeko jolas batzuk. Guk eskoletan erabiltzeko aproposenak iruditu zaizkigunak ekartzen ditugu.
Harria urmaelean

Harria Urmaelean

Gianni Rodarik planteatzen duenaren arabera "Burura sartzen den hitz batek uhinak sortzen ditu, oroitzapenak, sormena... harri batek urmaelean egiten duen moduan". Umeei hitz bat proposatzea eskatzen dizuegu eta hitza bera lantzea eta hitzarekin jolastea. Esaterako "Artzain" hitza aukeratzen dugu eta horrela landu dezakegu:
  • Ikusi zer nolako elkarteak egiten dituzten umeek hitzarekin eta istorio laburren bat kontatzea.
  • Soinu kidetasunak topatzea "ar" hasten diren hitzekin: arbola, arbela, artisau, ardo...
  • Kidetasun semantikoak: zapato, zapatilla, sandalia...
  • Akrostikoak lantzea: esaterako ARTZAIN hitzaren hizkiekin hitz edo esaldi berriak sortzea.
A ------ AHOA
R ------ ROBOTA
T ------ TXIMINIA
Z ------ ZUHAITZA
A ------ AMETSA
I ------- INDABAK
N ------ NEGAR

Aukera guztiak landuta, testu berriak sortu daitezke sormena dagoeneko suspertu delako.

Binomio fantastikoa

Ume bati begiak tapatzen zaizkio eta beste ikaskide bati arbelean hitz bat idazteko eskatzen zaio. Guztiek hitza ikusi dutenean, hitza arbeletik ezabatzen da eta begiak tapatuta izan duenari, beste hitz bat idazteko eskatzen zaio. Prestaketak itxarote eta atentzio giroa sortzen du. Jolasak eragina izan dezan hitzen artean distantzia egon behar du. Adibidez:

TXAKURRA -------- ARMAIRUA
TXANOGORRITXU -------- TRENA
ABESTIA -------- PILOTA

Agertu diren bikoteekin istorio bat sortzeko eskatuko diegu.
Binomio fantastikoa
Harria urmaelean

Aintzinako jolasak

Istorio bat sortzeko behar ditugun oinarrizko galderak papertxoetan idatziko ditugu eta poltsa edo kutxa batean sartu.
  • Nor zen?
  • Non zegoen?
  • Zer egiten zuen?
  • Zer esan zuen?
  • Zer esan zuen jendeak?
  • Nola bukatu zen?
Beste poltsa batean erantzun posibleak sartuko ditugu. Ikasle bati galderatxoen poltsatik papertxo bat ateratzeko eskatu diogu. Ondoko lagunari berriz, erantzunen poltsatik beste papertxo bat. Horrela, istorio bat sortzeko oinarri izango diren, galdera-erantzun zoroak izango ditugu.

Ipuinak alderantziz

Ezagunak diren ipuinak nahasten ditugu istorio berri baterako abiapuntua izateko. Adibidez:
  • Testuingurua aldatu eta beste garai edo eszenatoki batean jarri: Txanogorritxu helikopteroan.
  • Pertsonaiei ezaugarriak aldatu: Txanogorritxu neska bihurria eta alperra zen. Otsoa berriz koldarra
  • Pertsonaiak ere beste modu batekoak izan daitezke: Txanogorritxu mutil bat zen, ehiztaria berriz emakume bat.
Ohiturazko ipuin ezagunenak ere nahasi daitezke istorio berriak sortzeko: Erpurotxok, etxerako bidea topatzen ari dela, Txanogorritxurekin egiten du topo.
Binomio fantastikoa